Itxarkundia

Larunbat benetan zoragarria pasatu dut.
Bai, badakit astelehena dela, egun bi pasatu direla eta ematen duela oraindik larunbata izango balitz bezala hasi naizela idazten. Atzo hasi nuen bloga eta ez nuen larunbata kontatu gabe utzi nahi.

Asteazkenean “Txiki” etorri zen unibertsitateko nire klasea entzutera eta klase ostean, zorionak eman eta gero, esan zidan larunbatetan hamabostean behin batzen direla Eusko Etxean Euskal Herriari buruzko gairen bat jorratzeko Zabal Herria Eskolan. Itxarkundia taldeak antolatzen dituela eskola hauek eta ez dela talde oso zabala, 10 bat gizon-emakume, gehienak bera bezala 60 urteetatik hur. Larunbat honetan “Gernika” omen zen gaia eta joan nahi banuen gustora hartuko nindutela azaldu zidan. Gonbidapen zuzen bat nuen eta ezagutzen nauenak badaki zenbat gustatzen zaidan nobedadea, gauza berriak bizitzea; gainera “Gernika” zen gaia, nire sorlekua, bihotzeko bizilekua. Nola egin huts horrelako zita batera.

Eta heldu zen larunbata. Eskola 5etan hasten bazen ere, lehenago trikitixa praktikatzen aritu nintzen Aitorrekin, euskal jatorriko Txileko trikitilari, txistulari, pianojole eta pala-jokatzaile trebearekin eta, aldi berean, egin dudan lagun handienetakoa dena. Bera ere Itxarkundia taldekoa da, bere anaia eta aita Raimundo-ak bezala.

Eta jo zituen 5ak erlojuak, hasi zen jendea hurreratzen eta gela itxura aldatzen ere. Harrera paregabea egin zidaten, bihotzez eskertzekoa. “Txiki”k proiektore batekin euskal abestiak jartzen zituen horman, niri festarako grina pizten zidatenak, besteek janaria hedatzen zuten mahaian, beste batek ikurrina zabaltzen zuen albo batean eta harriekin eutsi… eta nostalgia sartzen hasi zitzaidan, herri-mina. Eta nire abizenak galdetzen zizkidaten, “bigarrena, bigarrena” eta “Aldamizetxebarria” eta barre eta algara, “hori bai euskalduna!” “Ba ama Aldamizetxebarria Gabikagoxeaskoa da” eta harridura, barre eta algara gehiago “peto-petoa!”. Eta beraientzat ohore bat zela gaur “Gernika” gaia izan eta hango bat izatea euren artean. Baina ohorea neurea zen. Eta eman zidaten Chicha ederra edateko. Eta hasi zen eskola euskara klase batekin eta jarraitu zion Gernikari buruzko azalpen batek, zergatik den garrantzitsua, eta bideo bat ikusi genuen, eta abestu genuen “Gernikako arbola” eta berriro herri-mina. Ze aberri zale bihurtzen den bat atzerrian (lehen gutxi baginen, atzerrian ber bi). Batez ere etxetik gertu sentiarazten zaituztenean. Eta Riquelme anaiek txistu eta danbolinez “Ikusi mendizaleak” jo zuten. Eta Orhiko txoria Orhiz oroitu zen. Hemen bideorako loturie (https://www.youtube.com/watch?v=iAvQJc_VnPk)

Bilera amaitzean ura irakiteko tramankulua neuk eraman behar nuela etxera esan zidaten. Metafora bat zen, hurrengo larunbatean ere bueltatzeko gonbita. Tramankulua nik eramanez gero, behartuta egongo nintzelako larunbatean bertaratzera. Baina nik bueltatzeko ez nuela tramankuluen beharrik adierazi nien, hain arrera ona ikusirik bai ala bai joango nintzela hurrengoan ere eskola atsegin eta interesgarri haietara. Gainera beraientzat zein garrantzitsu eta berezi den sentitzen dut gauzatzen duten hitz bakoitzean, ekintza guztietan, keinu denetan.

Benetan arratsalde paregabea izan zen. Idatziz geratzeko modukoa.

Itxarkundia

Kategoria: Sailkatu gabea. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*