Txiletarrek ez dute agujetarik

Palan ibili nintzen atzo Eusko Etxean. Hemen “Pelota Vasca” esaten diote. Ostiraletan umeekin entrenatzen dut, oraindik hasiberria naizelako. Baina aurreko astean Selekzioan jokatuko duen emakume batek, Zitak, astelehenean emakumeekin entrenatzeko gonbita egin zidan eta, beste behin ere, onartu egin nuen gonbita, baina beraien entrenamentua ez oztopatzeko asmoarekin.
Azkenean nik eta beste emakume batek trinketean entrenatu genuen irakasle mexikar batekin. Hasteko, beroketa ariketak egin genituen eta ostean partiduak jokatu genituen.

“Agujetekin izartu naiz gaur.” Batez ere gerrian sentitzen ditut, atzoko beroketa ariketetan ohituta ez ditudan parteak landu genituelako. “Agujetas? Que es eso?” Azaldu diot kirola egin ostean hurrengo egunean sentitzen diren min iragankorrak direla. Ez du jakin ordezkorik ematen lagun txiletarrak. Zaila egiten zait pentsatzea denetarako berba desberdin bat asmatu duen herrialde honetan ez egotea “agujetak” esateko berbarik. Interneten sartu naiz, sare osoa arakatu dut. Lehenengo sarreran “cordón, pasador” aurkitu dut eta arraroa egin zait “agujetak” esateko “cordón” berba erabiltzea, baina atoan egin du nire buruak “agujeta”, “cordón” eta Lekeitioko “ajubeta” berben arteko lotura. Eta sentitzen dut lekeitiarrek lekeitiar petotzat duten berba horren jatorriari argia ematearren eta ez dela euskara deskubritzearren eta Txilen, Argentinan eta beste leku askotan ere oinetakoen sokari “agujeta” esaten diotela azaltzearren gaurkoalako egun batez, irailaren 13an, asteartez eta kasualitatez (besarkada estu bana Lekeitioko lagunei). Serendipia. Baina gaurkoan ez naiz ari oinetakoen kordelez eta, beraz, ez dit balio hiztegiaren sarrera horrek.

Eta “agujeta”, “cordón” eta “ajubetia” hitzen zurrunbiloan bueltaka, “Agujetas de color de rosa” abestia etorri zait gogora. Eta onartu egingo dut publikoki, lotsarik barik eta jendeari barre egiteko luzapen bat eginez (ziur bainago ez zaidala niri bakarrik gertatu): beti egin zait arraroa kolore arroseko agujetak imajinatzea, abestiaren metafora surrealista iruditzen zitzaidan, kirola egin eta ondoko eguneko mina arrosa imajinatzea. Gaur arte ez dut inoiz egin agujeta/ajubeta=cordón eta abesti horren arteko harremanik.

Eta jarraitu dut sarean bilatzen nola esaten duten “agujeta” Txilen eta ez dut ezer ere ez aurkitu. Galdetu diet etxeko jaubeei eta “dolor, molestia” esan didate, baina ez naiz gustora geratu. Eta galdetu diet lagun Txiletarrei eta gauza bera. Ondorioa= Txiletarrek ez dute agujetarik. Edo ez, behintzat, berauek izendatzeko berbarik.
Trinketea

Kategoria: Sailkatu gabea. Gorde lotura.

Erantzun bat Txiletarrek ez dute agujetarik-ri

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*