Egun on, maiteok

Ez da erraza distantziatik idaztea.
Kontrako urtaroetan bizi gara. Hemen udaberria denean, hor udazkena; hemen uda denean, hor negua.
Ozeano zabal batek eta orduek banatzen gaituzte, zuek eta neu. Distantzia geografikoa beti da bera, baina tenporala ez. Batzuetan 6 dira banatzen gaituzten orduak (uztailean etorri nintzenean, adibidez); besteetan 5, abuztuaren 13an Txilen ordua aldatu zenetik; besteetan 4, urrian ordua aldatzen duzuenean; eta gero berriro bueltatzen gara 5era eta berriro 6ra, sasoi desberdinetan aldatzen baititugu orduak.
Honek guztiak komunikazio oztopoak dakartza. Esnatzen naizenerako zuentzat eguardiko 12ak dira (gutxienez); dagoeneko egunaren erdia bizi izan duzue nik hasiera ematen diodanerako eta lanetik atera edo eguneko zereginak amaitzen ditudanerako ohera joateko ordua duzue zuek.
Baina gaueko schop-en (litro erdi zerbezen) arteko elkarrizketak kontatu dit ederra dela goiza zuen mezuekin hastea, zuentzat egun erdia pasatu bada ere, zuen hitzekin esnatzea. Eta bai, hala da. Denak du bere alde positiboa. Eta gaur zuek esnatuko zarete nire mezuarekin. Egun on, maiteok.

Kategoria: Sailkatu gabea. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*