Bidegilea-Bidelaguna

Maleta bete ilusio eta ametsez etorri nintzen Txilera. Mundu berri bat, kultura bat, historia bat ezagutzeko gogoz. Bidean, baina, amets eta ilusio berriak joan zaizkit sortzen eta hilabete bi baino ez daramatzat hemen. Gertaeren kateatze etengabearen ondorioz, lehenik eta behin Santiagoko Eusko Etxeko idazkari izango naiz azarotik aurrera (ikasten bihar hasiko naizen arren).
Trikitixak ere norabide garrantzitsua markatu dit atzerrian. Euskal Filologiako bigarren urtean ausaz hasitako ikasketa efimero haiek atzerrian eman dute fruitu. Atzerrian ohartu naiz euskal musika-tresna bat jotzen jakitearen garrantziaz, identitaearen isla, kulturaren zabalkunde baita. Hemen hasi naiz garatzen musikarekiko beti izan dudan sentiberatasuna eta grina. Trikitixa ekitaldi garrantzitsu baten aurretik beronen uhala soltatu izanak beste bide batzuk zabaldu dizkit. Izan ere, denda txiki batera eraman nuen konpontzera eta instrumentuaren edertasuna miretsi zuen gizonak konpondu zuen, beste batek ordu luze batez elkarrizketa eskaintzen zidan bitartean. Elkarrizketa hartatik sortu ziren, besteak beste, proiektu bi, oraindik proiektu direnak, amets direnak, baina gauzatzeko grina piztu zidatenak. Bata, bera eta bere lagunek larunbat esporadikoetan egiten dituzten bilkura musikaletan trikitixa integratzearena da. Lagunetako batek akordeoia jotzen duela eta trikitixak interesa piztu ziola jakinarazi zidan, nahi zuela hain misteriotsua egiten zitzaion musika-tresna hura ezagutu. Beste proiektua, ostera, unibertsitateko klase formaletatik kanpo euskara eta euskal kulturan interesatua dagoen jendeari klaseak ematea da eta dirua eskaini didaten arren, formatu horretan zerbait informala egin eta neure borondatez egingo nuela adierazi nien, maitasunagatik, eskuzabaltasunagatik eta Astra bezalako proiektuetan jasotako formazioaren ondorioz nuen filosofiagatik. Jakintza jakintza truke.
Atzerrian nagoela eta ordu aldaketagatik nireekin dudan komunikazio urriak bultzatuta, bestetik, euskara hedatzearen garrantziaz ere jabetu naiz eta nire harea alea jartzea erabaki dut, azken finean, Euskal Herrian denak lanpetuta daudenean esnatzen bainaiz ni. Goizak oso libre ditut (batez ere igandeetan) eta ordu horietan zerbait probetxugarria egiteko aukera ere eskaintzen dit honek. Mintzanet proiektuaren bidez euskara praktikatu nahi duten ikasleekin skype saioak egitea da kontua eta niri esfortzurik eskatzen ez didan bideo-dei horren bidez beraiei euskaran trebatzen laguntzea. Horrela ezagutu dut Naiara gaur, euskararen bidegile berria eta haren bidelaguna izango naiz aurrerantzean. Goizero bost ordu eskaintzen dizkio euskarari euskaltegian eta, hau gutxi balitz, hizkuntza eskolara ere joaten da. Gainera, orain, skype saioak egingo ditu nirekin. Grina badauka, gogoa ere bai, baita ilusioa ere. Hasi berri dugun bide horretan, beraz, gustura arituko naiz haren bidelagun gisa. Berak izan ez zuen aukera eta zortea izan dut nik, euskara txikitatik modu naturalean jaso izanagatik, oharkabean, esfortzurik gabe. Beraz, bera bezala bidea egiten ari diren guztiei nire errespetu eta animoak helarazi nahi dizkiet, eurak baitura euskara euskara egunez egun indartzen dutenak.
Ametsak errealitate bihurtzeko eginak daude. Jarrai dezagun bidea egiten. Segi dezagun amesten.

Kategoria: Sailkatu gabea. Gorde lotura.

Erantzun bat Bidegilea-Bidelaguna-ri

  1. egilea: Amaia Aldamizetxebarria Gabikagoxeaskoa

    Hau da nire neska!
    Jarrai eta ekin, pitxintxu
    Ama

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*