Banago, badaukat

Lagunak

Banago etxe berrian. Banago lan berrian. Ia lau hilabete daramatzat herrialde berrian; kontinente berrian. Eta askok pentsatu dute azkenengo hilabete honetan abandonatu egin ditudala, abandonatu ditudala bloga eta youtubeko kanala ere. Baina ez. Denbora kontua da guztia.

Urritik azarorako jauzian guztia pilatu zait. Azaroaren 1a jai izanik, oporretan joateko plana egina geneukan aspalditik. Bikinia eta toalla motxilan sartu eta eguzki bila joan ginen desertura: Caldera, Bahía Inglesa, Chañaral eta Pan de Azúcar. Baina lasaitasunaren aurretik bazegoen zer egina.

Hasteko, Urriaren 15ean Euzko Etxean hasi nintzen aurrerantzean izango nuen lan berriaren inguruko formazioa jasotzen. Aurreko post-ean nioen “bihar” hasiko nintzela eta, ikusten duzue, geroztik ez dut sarrerarik idatzi blogean. Ez nabil txantxetan, beraz, diodanean okupatuta nagoela. Baina zein gustora! Euzko Etxeko lanak asko dauka pasiotik, aurreko belaunaldiek 11.000 kilómetrotara ekarritako kultura eta historia taupaka mantentzearekin, haria ez etetearekin, gure sustraiak lurrari sendo errotzearekin eta garen horretan gartsuki sinistearekin (politika kontuak albo batera utziz). Eta hasi nintzen bertan nire lana zein izango zen ikasten eta aldi berean, ezer ulertzen ez nuelako, estresatzen. Ze ostia egiten du filologa dialektologa batek idazkari lanetan. Zein momentutan okurritu zait baiezkoa ematea. Ke si depósito, imposiciones, liquidaciones, boletas, 這是中國普通話!Eta gehitu behar zaio goizeko 9etatik arratsaldeko 7ak arte egoten naizela bertan, gutxi-gorabehera, beraz labadora jartzeko astia asteburuetan bakarrik daukadala, baina sikieran unibertsitateko lanarekin konpatiblea da ze gauetan badaukat denbora apur bat hurrengo eguneko klasea errepasatzeko. Eta esan behar dut, orain, azaroaren 26an, hasi naizela neurria hartzen lanari eta txinera menperatzen edo, behintzat, deszifratzen.

Aldi berean, urri amaieran Italia auzoko etxean hiru hilabete beteko nituen. Horrek esan nahi zuen utzi nezakeela etxe hura eta beste batera mugitu. Horrek esan nahi zuen etxe berri bat bilatu behar nuela, gela garbitu, trasto guztiak maletan sartzeko moduren bat asmatu eta guztia etxe berrira eraman. Kontuan izanik Euzko Etxean goizetik iluntzera arte egon behar nuela, asteburuak bakarrik nituen horretarako, baina aldi berean motxila bete gauza hasi nintzen eramaten goizetan Euzko Etxera, banekielako nekez sartuko nuela guztia maletan (hemen gauzak erosi bainituen eta aurretik jada banituelako maleta zarratzeko arazoak). Euskal Pilota Mundiala prestatzen ari den Zitak esan zidan, halako elkarrizketa espontaneo batean, bere aitak estudio bat zeukala alokairuan, Santiago erdigunean, Moneda palaziotik hur. Eta nik behar nuen ya zerbait, $180.000 hilabetean (ordura arte aurkitu nuen merkeena), baina kezkatu egiten ninduen aldi berean prisagatik baietz esateak eta gero pisua ez gustatzeak. Zentruan zegoen, guztiek esaten zidaten ez bilatzeko pisua Zentruan, arriskutsua zela. Baina esango nuke -eta ez da soilik nire teoria- arriskutsutasunaren inguruko pertzepzioa benetan dena baino altuagoa dela hemengo gizartean. Berdin gerta dakizuke zerbait Probidentzian zein Barrio Italian (bizikleta lapurtzea, esaterako), Yungain zein Zentruan. Esango nuke pertzepzioak lotura gehiago duela talde sozialen bereizketarekin berez honek dakarren arriskuagatik baino. Ia hilabete daramat bizitzen etxe berrian eta pozarren nagoela aitortzen dut.
Baiezkoa esan nion Zitari, erakusteko etxea ahal zuenean. Baina bera oso liatuta zebilen Mundialaren antolakuntzarekin eta ni oporretan joatekoa nintzen. Azken astean erakutsi zidan etxea. Asko gustatu zitzaidan, niretzako bakarrik anbiente bakarreko estudio bat. Altzaririk gabe, hala ere, baina esan zidan berak ekarriko zizkidala sartenak, lapikoak eta abarrak. Gainera, aurreko idazkariak, Karinek, bere alabaren ohea utziko zidan. Bueno, azkenean saldu egin zidan eta nik ezin ezetz esan, bidaitik bueltan non lo egin izan behar nuelako. Eta ostiralean, arratsaldeko 19:00etan, autobusa neukan bidaian joateko. Arratsaldeko 3etan bazkaltzen bukatzen geunden. Autoa hartu eta Zitarengana joan behar genuen haren furgonetan ohea garraiatzeko. Santiagoko beste puntan ohea hartu, nire etxe berrira eraman eta bueltan eman behar genuen furgoneta Zitarengana. Eta nik etxe zaharrera joan behar nuen laneko gauzak utzi eta bidaiarako motxila hartzera ere eta handik autobus estaziora. Lasai, sasoiz heldu nintzen autobus geltokira.

Estres horren guztiaren ostean imajina dezakezue zenbat gozatu nituen oporrak. Guata arriba, guata abajo Txileko eguzki gogorraren pean eta ozeano pazifikoko ur izoztuetan dzanga egin, bestelako ardura barik.

Bueltatu ginen oporretatik eta eguneroko dinamikan sartu nintzen. Eskerrak aste honek 3 egun bakarrik zituen. Ikasleak azterketa eta aurkezpenetan zeuden eta horrek Euzko Etxeko zereginetan hobeto murgiltzea erraztu zidan. Ostiralean pala irakasleekin egin genuen ostera Bellavistan eta etxea inauguratu genuen xumeki. Larunbat goizean entrenamendura joateko indarrak batu, eguardian lo egin eta arratsaldean euskara irakaslea den Alvaroren urtebetetze eguna ospatu genuen txoriek egun berriaren etorrera iragarri arte. Igandean hibernatzea tokatzen zen.

Badaukat etxe berria eta seguruenik ez naiz gehiago etxez aldatuko hemen nagoen artean. Banago lan berrian eta seguruenik ez dut utziko hemen nagoen bitartean. Ezagutu dut jende berria, lagun ditudanak orain, eta seguruenik ez ditut utziko sekula.

Kategoria: Sailkatu gabea. Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*