Txile nire begietatik

Lagun handi baten bloga irakurtzeak ekarri nau itsaso honetara. Euskal Filologiako ikaskide izan nuen Estitxu Irisarri elgoibartarra, ondoren masterkide eta, ezagutu nuenetik, bihotzeko lagun. Bizitzaren kasualitateek jarri gaituzte Euskara eta Euskal Kultura irakasle gisa hura Bordelen eta ni Txilen (Santiagon), urte berean, 2016 honetan, urtaro desberdinetan bada ere. Eta gaur Bordeletik idazten hasi den haren blogean murgildu naiz (http://stikstak.blogariak.net/), haren hitzetan igeri egin eta unibertsitate sasoia daztatu dut. Klaseko hainbat ikaslek bloga genuen sasoia etorri zait gogora eta gure irakasle Jon Kortazarrek egunkari batean gure blogak aipatu zituenekoa. Eta ofizio hau zein ahaztua neukan konturatu naiz; teknologia berriei men eginez Txilera heldu eta selfie-paloa erosi nuen kontakizunak youtubeko kanal batean igotzeko, eguneko anekdotak 10 aldiz pertsona desberdinei kontatzen aurkitu nuelako neure burua. Baina youtubera bideoa igotzea ez da lan xamurra, bideoa grabatu, ordenagailura pasatu eta youtubera igo behar delako eta jarduera honetan, bideoaren luzeraren arabera 4 ordu ere eman daitezke. Gainera gauza asko kontatu gabe geratzen dira momentuan ahaztu egiten direlako edo denbora faltagatik eta, beraz, Estitxuren blogak hausnartuarazi egin dit eta bideoak eta testuak konbinatzea bururatu zait gaur, irailaren 11n, Estatu Batuetan baino lehenagotik Txilen egun historikoa den honetan, igandez.

“Oye, Ari! No salgas hoy dia a la calle”, diost ahots batek.
Gaurko egunez, duela 43 urte (1973an), Augusto Pinochetek Estatu kolpea eman zuen Santiagon. Militarrek “Palacio de la Moneda” delakoa hartu zuten eta Salvador Allenderen gobernu sozialistarekin amaitu zuten, baita haren biziarekin ere. Ez da jai eguna Santiagon, ez dago inongo debekurik, baina gaurko egunez urtero istiluak egoten dira hemengo kaleetan. Aurpegia estalita daraman jendea kalera ateratzen da arratsaldez, kalea hartzen dute, molotov bonbak botatzen dituzte, gauzak erretzen dituzte, elektrizitatea ebakitzen dute eta poliziari aurre egiten diote. Gurean kale borroka esaten zaio honi. Baina hauek ez omen dute inongo aldarrikapenik, inongo arrazoirik ekintza hauek burutzeko ez bada dena suntsitzea, lokaletan ohostutzea eta eta kahosa sortzea. Asteguna bada, haurrak lehenago ateratzen dira eskolatik, helduak lehenago beraien beharretatik, dendak zarratu egiten dira, baita kiroldegiak ere, taxiak desagertu egiten dira errepideetatik eta zaila da taberna edo jatetxeren bat irekita aurkitzea. Beldurrak hartzen du Santiago.
Eta espero dut norbaitek egun honen funtsa hobeto azaltzea, ulertu egin nahi baitut.

Ongi etorri, ba, neure mundura (berriro ere): Txile nire begietatik

Kategoria: Sailkatu gabea. Gorde lotura.

4 erantzun Txile nire begietatik-ri

  1. egilea: Estitxu

    Hasieran zure txoko honetan 6 hitz baino ez nituen idatzi behar, lotsak masailak gorrituta alde egiteko gogoa piztu baitzait, baina ez zait egokia iruditu…

    Unibertsitate garaian hasitako ohitura zahar hari hautsak kendu dizkiot nik ere oraingo honetan, baina nik, agian, nostalgia dela eta, nire iraganaren zati diren testu eta hausnarketa zati haiek ez ditut zakarrontzira bidali nahi izan. Nostalgia beharbada. Oraindik hemengo bizitzak ez dit sentimendu hori piztarazi, baina iritsiko da bai.

    Uste dut gure deserriko egonaldiek bi blogetarako eta youtubeko bi gunetarako baino gehiagorako emango dutela, baina nahiz eta idazteko astia hartu, ziur nago zintzilik geratuko direla hainbat kontu (nahi gabe edo nahita). Esango nuke hori dela bizitzaren magiaren zati. Bihotz-begiek bizi izan dutena, nahiz eta hizki eta hitzek ez adierazi, gotor bitez gure garunetan.

    Nire bihotzeko lagun, honexekin esaten dizut gaur laster arte: https://www.youtube.com/watch?v=CL_82agXejQ

  2. egilea: Hodei

    irailak 11 Katalunian be egun historikoa da, Estatu Batuetan eta Txilen baino lehen. “Diada” ospatzen da, Kataluniaren egune. 1714.urteko irailaren 11an estatu espainolaren menpe erori ziren eta ordutik ospatzen dabe egun hau, nahiz ta eurentzako egun triste bat izen, iraganera begiratzen dabe etorkizun oparoago bat lortzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

*